Admin

Tallarra Gaztetxia bota nahi dabe

Gaztetxia bota nahi dabe

Jeitsi komunikatua pdf formatuan

Tallarra Gaztetxia duela ia 8 urte okupatu zen Martxoko goiz batean. Ordundik, imagina daitekeen bezala hainbat eta hainbat gauza gertatu dira bertan. Bertan burutu dira hainbat eta hainbat topaketa eta bilera, kontzertuen, hitzaldien, bideo-emanaldien zerrenda amaigabea izango litzateke. Beti ere ikuspegi antikapitalista eta asanbleario batetik lekua egin zaie hainbat eta hainbat proposamenei. Osasunaz, desarrollismoaz, musikaz, presoetaz, harremanetaz, patriarkatuaz... Gai guzti hauetaz eta beste askotaz aritu izan gara hitzaldi, eztabaida, bideo emanaldi eta bestelakoetan.

Honela, kapitalismoaren itsaso zikin honetan irla txiki bat eraiki dugu autogestioaz eta asanbladaz baliaturik, astiro-astiro. Eibar bezalako herri batek hain beharrezko duen gune askea sortzen saiatu gara urte guzti hauetan zehar, baina azken hilabeteotan, Udaletxearen planak medio, Tallar berezi honetan egindako lan guztia bertan behera uztea nahi dutela jakin izan dugu.

Eibarko herrian espekulazioak ez du mugarik. Hain urte gutxitako epean hainbeste aldatu den herri gutxi dago. Gure herria zerbitzuen sektorera erabat mugatzeko plana egin du Udalak, hainbat eta hainbat herritarren kalterako. Merkatu plaza zena zentru komertzial bihurtu nahi eta, utzikeriaz, zaborleku bilakatu dute. Txontako auzoa auzo moderno eta residentzial bilakatzeko asmoz dozenaka familia kale gorrian uzteko asmoa aspaldikoa da. Alfa zegoen lekuan zentro komertzial erraldoia eraiki dute, herritarrak kontsumitzaile hutsak izatera mugatuz, gutxi batzuen poltsikoak betetzeko. Krisi ekonomikoa pil-pilean dagoela, obra pubiko zein pribatuetan, azpiegitura zein etxebizitzen eraikuntzan babesa topatu dute herri honetan agintzen duten politikari/enpresariek. Oraingoan Tallarrari tokatu zaio "obrismo"-aren ondorioak pairatzea.

Duela hilabete batzuk Udaletxetik eta hala-nola (kalean) komunikatu zitzaigun Gaztetxea hustu eta bertatik joan behar ginela. Ez genuen gerora inolako berririk jaso. Gure gutunak ez dituzte erantzun ere egin. Aste honetan, txiripaz, gaztetxe inguruan normalean aparkatutako kontxeak zeuden tokian "ezin da aparkatu" seinaleak topatu ditugu. Gure susmoak hainbat iturrik konfirmatu dizkigute: Ezer esan gabe, inolako abisurik gabe, gaztetxea aste honetan bertan botatzeko asmoa zuten Udaletxekoek.

Zer bota nahi dute ordea? Eraikin bat? Gaztetxe bat? Ez jaun andreok. Udaletxeak ederki planifikatu duen herri eredu ustel honetan ez dago lekurik hainbat gauzatarako. Ez dago lekurik autogestioa eredu duen gune baterako. Ez dago lekurik politikoki eta sozialki konprometiturik dagoen espazio batentzako. Herritar ororentzat kultura eta jakintza eskuragarria (dohainik edo merke) eta kritikoa eskaintzen duen gune batentzat. Eta bai, Eibarrek behar-beharrezkoak ditu horrelako lekuak, denok, gazte zein heldu, gure espazio propioak sortu, garatu, eta astiro astiro gure bizitzen jabeago izan gaitezen.

Horregaitik diogu inoiz baino garbiago gune autogestionatuak defendatuko ditugula, hemen zein Euskal Herriko eta mundu osoko beste hainbat lekutan egin den bezala, boterearen eta esekulazioaren zentzugabekeriaren aurrean. Tallarrak aurrera darrai, autogestioak aurrera darrai, eta betiko bezala, bertan burutzen diren ekimenetan parte hartzeko dei bat luzatzen dizuegu Eibarreko zein inguruetako herritar guztioi. Zuentzako ateak irekiak izango dira.

Tallarra Gaztetxia, 2010eko Urtarrilean.

83,57 KB